Eguraldia iragartzeari begira, fenomeno atmosferikoak eta eguraldia sortarazten duten mekanismoak aztertzen dituen zientzia. Grekerazko meteoros (altua) eta logos (tratatua) hitzetatik eratorritako terminoa dugu.
Fenomeno atmsoferikoak hainbat eratakoak izan daitezke:
-
Aire-fenomenoak: haizea.
-
Ur-fenomenoak: euria, elurra eta txingorra.
-
Argi-fenomenoak: aurora polarra eta ortzadarra; eta fenomeno elektrikoak: oinaztua.
Presioa, tenperatura eta hezetasuna eguraldiaren azterketa eta iragarpenerako funtsezko faktore klimatikoak dira. Tenperaturak gorabehera asko izaten ditu, eta latitudeak eta itsasoaren gainetik leku batek hartzen duen altitudeak asko baldintzatzen du. Presio atmosferikoa ere, aldatu egiten da egunean zehar, mapa meteorologikoetan isobarak edo presio bereko puntuen bidez adierazten da, eta horiei esker behe-presio edo depresioen guneak identifikatzen dira, eta depresio horiek bilakaerak eraentzen du, neurri handi batean, kasuan kasuan egiten duen eguraldia.
Meteorologiak funtsezko tresnak erabiltzen ditu, barometroa, termometroa eta higrometroa esaterako, alderdi klimatikoen balio absolutuak, batez bestekoak eta muturrekoak neurtzeko. Mapak eta iragarpenak egiteko, oinarri-oinarrizkoa da datuak eremu zabaletan era koordinatu batean batzea, eta hori, satelite meteorologikoen laguntzaz egiten da.
|