Terminologi Gida
Lehen atal honetan iragarpen buletinean azaltzen diren meteorologia termino guztiak definituko dira, baita adjektiboak, banaketa espazialeko terminoak eta denboraren inguruko terminoak ere.
Esanahia | |
] o [ | Balioa barne. |
) o ( | Balioa ez dago barnean. |
< | Baino txikiagoa |
≤ | Berdina edo txikiagoa |
> | Baino handiagoa |
≥ | Berdina edo handiagoa |
Meteorologia iragarpen batean garrantzitsua eta ezinbestekoa da zeruaren egoera azaltzea, hau da, zeruan agertuko diren hodei motak eta kantitatea zehaztea.
DEFINIZIOA
Hodeiek estalitako zeru-zatiari esaten zaio; hodei horiek edozein genero, espezie, barietate edo altuerakoak izan daitezke.
HODEIEN ALTUERA
Hodei-oina zein altueratan dagoen kontuan izanik, hiru talde handitan banatu ohi dira hodeiak: batetik, behe-hodeiak, eta, bestetik, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak. Sailkapen hori garrantzitsua da, behe-hodeiek zerua ilundu egiten baitute eta prezipitazioa eragin baitezakete; eta erdi mailako hodeiek eta goi-hodeiek, aldiz, gehienetan, eguzki-izpiak igarotzen uzten dituzte eta ez dute prezipitaziorik eragiten.
Hona hemen hodeien sailkapena hodei-oinaren altueraren arabera:
ALTURA (m) | |
Behe-hodeiak | Lurrazaletik 2.000 metrora |
Erdi mailako hodeiak | 2.000 metrotik 8.000metrora |
Goi-hodeiak | 8.000 metrotik 13.000 metrora |
ZERUA
Hodeiek estaltzen duten zeru zatiaren arabera, zeru sabaia zortzi zatitan banatuta, honako termino hauek bereizten dira:
ZERUA | ZERU ESTALDURA |
Oskarbi edo hodei gutxi | [0 - 1/8] |
Partez hodeitua | (1/8 - 4/8] |
Hodeitsu | (4/8 - 5/8] |
Oso hodeitsu | (4/8 - 5/8] |
Estaila | (7/8 - 8/8] |
Adibidez, hodeiek zeruaren 5/8 eta 7/8 artean estaltzen badute, zerua oso hodeitsu dago.
Zeru estaldurari buruz xehetasun gehiago ere eman daiteke:
Tarteka hodeitsu: termino hori zeruaren bilakaera garbi ikusten ez denean erabiliko da; hau da, ia ezinezkoa denean, oskarbi edo hodeitsu noiz eta zenbateraino egongo den esatea.
Bero-hodei: lurzorua berotzen denean eratzen diren konbekzio-hodeiak dira, oro har, eguerdi partean.
Konbekzio-hodei: ezegonkortasuna dela eta, hodeiek garapen bertikal handia dutenean.
Behe-estratuak: oina lurrazaletik oso hurbil duten hodeiei edo lainoari esaten zaie.
Hodei itsatsiak: orografiaren eraginez, leku berean denbora luzez geratzen diren behe-hodeiak dira (gehienetan kostaldean edo mendialdean).
DEFINIZIOA
Behatzailea dagoen plano horizontalean dagoen objektu bat ikusia edo identifikatua izan daitekeen distantzia handiena.
IKUSPENA MUGATZEN DUTEN FAKTOREAK
Ikuspenari buruz ari garenean, hori mugatzen duen meteoro edo faktorea zehaztuko dugu.
Lanbroa: ur-tanta mikroskopikoen edo zatiki higroskopiko bustien aireko suspentsioa. Lanbroa denean, ikuspena 1 km eta 5 km artekoa da, eta hezetasun erlatiboa % 70 edo gehiagokoa.
Lainoa: ur-tanta oso txikien aireko suspentsioa, lurrazaleko ikuspen horizontala kilometro bat baino gutxiagora murrizten duena. Ikuspena 200 m baino gutxiagokoa bada, orduan laino itsua terminoa erabiliko da.
Lainoguneak: ehunka metro batzuetako azalera txikian hedatzen den lainoa, oro har tokian tokiko baldintzengatik sortzen dena.
Hauts-gandua: partikula guztiz txiki eta lehorren aireko suspentsioa; ikuspena 1-5 km-ra murrizten du, eta hezetasun erlatiboa % 70 baino txikiagoa da.
Hauts esekia: hauts edo hondar-ekaitz batek edota aire-korronte batek lurretik jasotako hauts edo hondar partikula txikien aireko suspentsioa.
Antzigar: Atmosferan prezipitatzen edo hauspeatzen diren izotz-kristal txikien metaketa, oro har superhoztutako hodeien edo lainoan dauden ur tanta txikiak objektu gogorretan izozten direnean sortzen da; objektuen azala 0 ºC inguruan egon ohi da.
BANAKETA ESPAZIALEKO TERMINOAK
Banaketa espaziala han-hemenka eta leku gehienetan terminoekin zehaztu daiteke (ikus banaketa espazialeko definizioak).
DENBORAREN INGURUKOAK TERMINOAK
Lanbroa edo lainoa eguneko zein mementotan espero den zehaztu daiteke. Egun osoan lainoa espero badugu iraunkorra terminoa erabiliko dugu (ikus denboraren inguruko terminoak). Lainoa goizean goiz sortzen bada eta eguerdia baino lehen desegiten bada goiz-laino terminoa erabiliko dugu.
DEFINIZIOA
Hodei batetik edo hodei-multzo batetik erori eta lurreraino iristen den hidrometeoroa, ur-partikula likido zein solidoz eratua.
PREZIPITAZIO MOTA
Zirimiria: prezipitazio nahikoa uniformea, elkarren kontra oso hurbil dauden ur-tanta oso txikiz (0,5 mm baino diametro txikiagoa) osatua.
Euria: ur likidozko zatikien prezipitazioa (0,5 mm baino diametro handiagoko ur-tantak).
Zaparrada: hodei konbektiboetatik datorren intentsitate handiko eta denbora tarte laburreko prezipitazioa.
Elurbustia: erdi urtutako elurra edo elurra eta euria nahasita dituen prezipitazioa.
Elurra: izotz-kristalezko prezipitazioa, kristal gehienak adarkatuak dituena.
Txingorra: izotz-ale edo koskorren prezipitazioa.
INTENTSITATEA
Denbora-unitateko erortzen den prezipitazio-kantitatea da. Intentsitate-kategoriak prezipitazio motaren arabera definitzen dira. Horrela, zaparrada edo euriaren kasuan 5 kategoria zehazten dira. Aldiz, elurraren kasuan 3, pilatzen den elur-lodieraren handitzearen arabera.
INTENTSITATEA | ZAPARRADA EDO EURIA | ELURRA |
Txikia | (0 - 2] l/m²ordubetean | < 1 cm ordubetean |
Ertaina | (2 - 15] l/m² ordubetean | (1 - 5] cm ordubetean |
Handia | (15 - 30] l/m² ordubetean | > 5 cm ordubetean |
Oso handia | (30 - 60] l/m² ordubetean | |
Euri-jasa | > 60 l/m² ordubetean |
Elur txikiaren kasuan, elur-malutak oro har txikiak dira eta han-hemenka erortzen dira. Elur ertainaren kasuan, elur-malutak handiagoak dira, eta beraien dentsitatea ikuspena nabarmen murrizteko adinekoa izaten da. Eta, azkenik, elur handiaren kasuan, ikuspena oso txikia izaten da.
PILAKETA
Denbora-tarte jakin batean eroritako prezipitazio-kopurua da; kasu honetan 24 orduko tartea hartu da. Elurraren kasuan, pilatutako lodieraz mintzatuko gara.
PILAKETA | ZAPARRADA EDO EURIA | ELURRA |
Gutxi | < 10 l/m² orduan | < 5 cm 24 orduan |
Ugari | [10 - 30] l/m² orduan | [5 - 15] cm 24 orduan |
Oso ugari | > 30 l/m² orduan | > 15 cm 24 orduan |
BANAKETA ESPAZIALEKO TERMINOAK
Banaketa espaziala han-hemenka eta leku gehienetan terminoekin zehaztu daiteke (ikus banaketa espazialeko definizioak).
Elur-kota elurra mamitzen den edo elurrak zuritzen duen batez besteko altitudea.
DENBORAREN INGURUKO TERMINOAK
Fenomenoaren iraunkortasuna kontuan hartuz, noizean behin edo iraunkorra zehaztu daiteke (ikus denboraren inguruko terminoak). Fenomenoaren maiztasunaren arabera aldizka edo etengabe zehaztu daiteke (ikus denboraren inguruko terminoak).
DEFINIZIOA
Trumoi-ekaitza hodei-konbektiboetan deskarga elektrikoekin batera gertatu ohi den fenomeno meteorologikoa da, batzuetan baliteke intentsitate handiko prezipitazioa, txingorra eta haize-bolada gogorrak ere eragitea. Tximista bat-bateko deskarga elektrikoarekin edo elektrikoekin agertzen den argitasuna da, intentsitate handikoa eta denbora-tarte laburrekoa izan ohi da.
INTENTSITATEA
Trumoi-ekaitz txikiak: deskarga elektrikoen maiztasuna txikia da eta ez dute txingorrik eragiten.
Trumoi-ekaitz ertainak: maiz gertatzen dira deskarga elektrikoak eta txingor-ale txikiak eragiten dituzte (diametroa 1 cm baino txikiagoa).
Trumoi-ekaitz handiak: ia etengabeko deskarga elektrikoak, 60 km/h-tik gorako haize-boladak eta tamaina handiko txingorra eragiten dituzte (diametroa 1 cm baino handiagoa).
BANAKETA ESPAZIALEKO TERMINOAK
Banaketa espaziala han-hemenka eta leku gehienetan terminoekin zehaztu daiteke (ikus banaketa espazialeko definizioak).
DENBORAREN INGURUKO TERMINOAK
Trumoi-ekaitzen maiztasuna nabarmena denean iraunkorra terminoa erabiliko da (ikus definizioa).
DEFINIZIOA
Airearen tenperatura eguzki-erradiazio zuzenetik babestuta dagoen eta airearekin kontaktuan dagoen termometroak adierazten duen balioari esaten zaio.
TENPERATURA-JOERA
Tenperatura, batez bestekoa, maximoa nahiz minimoa, egun batetik bestera berdin jarrai, igo edo jaitsi egin daiteke. Tenperaturaren aldaketa hori zenbatekoa den kontuan izanik, honako tenperatura-joera hauek bereizten dira:
JOERA | MAGNITUDEA | TARTEA |
Igo | Asko | igoera > 6ºC |
Nabarmen | 4 < igoera ≤ 6ºC | |
Naikoa | 2 < igoera ≤ 4ºC | |
Gutxi | 1 < igoera ≤ 2ºC | |
Aldaketarik ez | aldaketa ≤ 1ºC | |
Jaitsi | Gutxi | 1 < jaitsiera≤ 2ºC |
Nahikoa | 2 < jaitsiera≤ 4ºC | |
Nabarmen | 4 < jaitsiera≤ 6ºC | |
Asko | jaitsiera> 6ºC |
IZOTZA
Tenperatura 0 ºC edo baxuagoa bada, izotza izango dugu. Tenperatura balioaren arabera:
Izotz txikia: baldin 0 ≥ T > -2ºC.
Izotz handia: baldin –2 ≥ T > -8ºC.
Izotz gogorra: baldin T ≤ -8ºC.
1.5.4 DENBORAREN INGURUKO TERMINOAK
Bat-batean igo / bat-batean jaitsi terminoak 10-30 minutuko tartean 7-10 ºC-ko aldaketak espero direnean erabiliko dira.
DEFINIZIOA
Airearen lurrazalarekiko mugimendu horizontala da haizea. Haizearen norabidea eta abiadura zehazten dira.
NORABIDEA
Norabideak haizearen jatorria adierazten du. Haize-arrosari jarraiki, zortzi norabide bereizten dira.
NORABIDEA | TARTEA |
Iparraldea (N) | [0º - 22.5º] U (337.5º - 360º] |
Ipar-ekialdea (NE) | (22.5º - 67.5º] |
Ekialdea (E) | (67.5º - 112.5º] |
Hego-ekialdea (SE) | (112.5º - 157.5º] |
Hegoaldea (S) | (157.5º - 202.5º] |
Hego-mendebaldea (SW) | (202.5º - 247.5º] |
Mendebaldea (W) | (247.5º - 292.5º] |
Ipar-mendebaldea (NW) | (292.5º - 337.5º] |
Haizearen norabidearen oszilazioa 45 º baino handiagoa izatea espero bada, honela sailka daiteke:
NORABIDEA | TARTEA |
Ipar-osagaia | NW eta NE artekoa |
Eki-osagaia | NE eta SE artekoa |
Hego-osagaia | SE eta SW artekoa |
Mendebal-osagaia | SW eta NW artekoa |
Haizearen norabideak, sarri-sarri 90 º baino gehiago banandutako norabideen artetik jotzen duenean, haizea aldakorra dela esango dugu.
ABIADURA
Haizearen abiadura definitzeko bi balio hartu ohi dira aintzat: batez besteko abiadura (10 minutuan) eta haize-bolada (aldiuneko abiadura maximoa). Batez besteko abiadura beti zehaztu behar da. Haize-bolada, esanguratsua denean soilik aipatuko da, hau da, oro har, 40 km/h-ko abiadura gainditzen duenean.
Haizearen abiadura, nahiz batez bestekoa, nahiz haize-boladarena, honako irizpide hauen arabera sailkatu eta izendatuko da:
<tr">ABIADURATARTEA
Barealdia | ≤ 5 km/h |
Ahula | (5 - 20] km/h |
Bizia | (20 - 40] km/h |
Gogorra | (40 - 70] km/h |
Oso gogorra | >70 km/h |
Brisa: aldaketa termikoek eragindako eta eguneko zikloa duen haizea. Brisaren jatorria zehazten ez denean itsas-brisaz arituko gara (egunez sortzen dena eta itsasotik datorrena). Oro har abiadura ahul-bizikoa da.
DENBORAREN INGURUKO TERMINOAK
Haizearen norabideari dagokionez, aldatzea espero bada, aldatu terminoa erabiliko da. Aldaketa norabide jakin batetik aldakorrera edo alderantziz gertatzen bada, orduan gelditu terminoa erabiliko da.
Haizearen abiadurari dagokionez, denbora tarte txikitan aldaketak espero badira, noizbehinka terminoa erabiliko da, eta aldaketa horrek denbora gehiago irauten badu, tarteka terminoa erabiliko da.
Haizearen abiadura handitu egin behar bada, indartu erabiliko da, eta, kontrako kasuan, ahuldu. Haizearen abiadura bi tarteren artekoa bada, hitz elkarketara joko dugu; esate baterako, haize bizi-gogorra ibiliko da.
DEFINIZIOA
Enbata kantaurialdeko fenomeno tipikoa da. Haizearen bat-bateko aldaketa da mendebal/ipar-mendebaldera, eta aldaketan nabarmen indartzen da haizea. Gainera, tenperaturaren bat-bateko beherakada, eta presioaren eta hezetasun erlatiboaren bat-bateko gorakada eragiten ditu.
INTENTSITATEA
Enbata, eragiten dituen haize-boladen arabera, honela sailkatzen da:
INTENTSITATEA | Haize-boladen abiadura maximoa (km/h |
Txikia | v < 60 |
Ertaina | 60£ v < 90 |
Handia | v ³ 90 |
DEFINIZIOA
Itsas azalaren egoera olatuen ezaugarriak eta haizearen eragina kontuan hartuta.
HAIZEA
Itsasbazterrerako iragarpenetan haizearen abiadura Beaufort eskalaren bidez adierazten da.
BEAUFORT ESKALAREN ARABERA HAIZEAREN INDARRA
Indarra Korapilo (milia orduko)
0 1
1 1-3
2 4-6
3 7-10
4 11-16
5 17-21
6 22-27
7 28-33
8 34-40
9 41-47
10 48-55
11 56-63
12 >64
DENBORAREN INGURUKO TERMINOAK
Haizearen norabideari dagokionez, aldatzea espero bada, aldatu terminoa erabiliko da.
Haizearen abiadura handitzea espero bada, zakartu terminoa erabiliko da, hots, Beaufort eskalan gradu bat edo gehiago handitzen bada abiadura, eta, kontrako kasuan, baretu, hots, Beaufort eskalan abiadura gradu bat edo gehiago txikitzen bada.
OLATUAK
Olatuak, haizearen eraginez memento konkretu batean eta leku jakin batean ezaugarri ezberdinekin sortu diren itsas-uhinen konbinazioa dira. Altuera adierazgarria eta periodoagatik bereizten dira.
Olatuen altuera adierazgarria leku eta denbora tarte jakin batean neurtutako olatu altuenen herenaren batez besteko balioa da.
Olatuen batez besteko altuera leku eta denbora tarte jakin batean neurtutako olatu guztien batez besteko altuera da.
Olatuen altuera maximoa leku eta denbora tarte jakin batean neurtutako olatuen balio zehatz maximoa da.
Olatuen periodoa bi olatuen artean pasatu den denbora da, olatuen gailurra kontuan hartuz.
Haize-itsasoa: Haizea dabilen tokian sortzen diren olatuak dira. Olatu irregularrak dira, periodo txikia dutenak.
Hondoko itsasoa: Olatua sortzen den lekutik kanpora hedatzen denean gertatzen da. Olatu erregularrak dira, periodo handikoak.
Itsaso gurutzatua: Toki batean haize-itsasoak eta hondoko itsasoak sorturiko olatuak nahasten direnen gertatzen da, olatu hauek norabide ezberdinak izaten dituzte.
Itsaso kaotikoa: Zonalde bat depresio sakon eta oso itxi batek oso bizkor zeharkatzen duenean sortzen diren olatuak dira, norabide jakinik gabekoak. Oso arriskutsua da nabigatzeko, baita tamaina handiko itsasontzientzat ere.
Itsaso nahasia: Toki batean haize-itsasoak eta hondoko itsasoak sorturiko olatuak nahasten direnen gertatzen da.
Douglas eskalaren arabera, itsasoaren egoera adierazteko graduak hauek dira:
Olatuen altuera adierazgarria (m) | |
Itsaso barea | 0 |
Itsaso kizkurra | < 0,1 |
Itsaskirria | 0,1 – 0,5 |
Itsaskia | 0,5 – 1,25 |
Itsaski handia | 1,25 – 2,5 |
Itsaso zakarra | 2,5 – 4 |
Itsaso oso zakarra | 4 – 6 |
Itsaso handia | 6 – 9 |
Itsaso oso handia | 9 – 14 |
Itsaso izugarria | >14 |
PROBABILITATE TERMINOAK
Fenomeno bat gertatzeko dagoen ziurgabetasuna azaltzeko “ahal izan” aditza erabiliko da, “daiteke”, “liteke”, “baliteke”…formak erabiliz.
Fenomenoa gertatzeko dagoen probabilitatea ehunekoetan ere erabili daiteke, dagokion tartea zehaztuz (adibidez, euria egiteko probabilitatea %30-50 artekoa da).
BANAKETA ESPAZIALEKO TERMINOAK
Han-hemenka: fenomenoak lurraldearen % 10-30 eragitea espero denean erabiliko da.
Leku gehienetan: fenomenoak lurraldearen % 60 baino gehiago eragitea espero denean erabiliko da.
Lurraldearen % 30-60 tarterako ez da terminorik erabiliko.
DENBORAREN INGURUKO TERMINOAK
Fenomeno baten iraunkortasunari buruzko terminoak:
Noizean behin: fenomenoak iragarpen-epearen %30 baino gutxiago irautea espero denean erabiliko da.
Iraunkorra: fenomenoak iragarpen-epearen %60 baino gehiago irautea aurreikusten denean erabiliko da.
Gainerakoetan, ez da fenomenoaren iraunkortasunari buruzko ezer aipatuko.
Fenomeno baten maiztasunari buruzko terminoei dagokienez:
Aldizka: fenomenoa denbora-tarte txikitan eteten denean, eta fenomenoaren iraupena, guztira, %50 ingurukoa denean.
Etengabe: fenomenoa ia eteten ez denean, eta iraupena guztira % 80 baino gehiago luzatzen denean.
BANAKETA ESPAZIALA
Kostaldea: kostaldeko zona eta herriak (ikus 1 zona)
Barnealdea: kostaldekoa ez dena (ikus 2,3 eta 4 zona).
Haizegunea: mendi inguruak, itsaslabarrak, lurmuturrak eta antzekoak.
Haizegunea ez dena: haizeguneak ez diren beste guztiak.
Kantauri isurialdea: geografia-zona zeinetan bertako errekek eta ibaiek urak Kantauri Itsasora isurtzen dituzten (1 eta 2 zona)
Mediterraneo isurialdea: geografia-zona zeinetan bertako ibaiek eta errekek urak Mediterraneo itsasora isurtzen dituzten (3 eta 4 zona)
Zona 1: Kostaldea
Zona 2: Kantauri zonaldeko barnealdea
Zona 3: Iragate-zona
Zona 4: Ebro ondoko eskualdea
DENBORAREN BILAKAERA
Fenomeno edo egoera bat egunaren zein mementotan edo tartetan espero den zehazteko, termino hauek erabil daitezke (orduaz ari garenean ordu lokalaz ari gara):
Eguna: 00:00etatik 24:00etara arteko denbora-tartea.
Gaua: eguzkia sartzen denetik 24etara arteko denbora-tartea.
Goizaldea: gauerditik eguzkia irten arteko denbora-tartea.
Goiza: eguzkia irteten denetik eguerdira arteko denbora-tartea.
Arratsaldea: eguerditik eguzkia sartu arteko tartea.
Goiza eta arratsaldea: eguzkia irteten denetik sartzen denera arteko denbora-tartea.