Troposferan haize gogorrak, bateaz ere mendebalekoak, ibiltzen zirelako lehenengo susmoa, goi-hodeien eta 1893an Krakatoa sumendiaren erupzioaren ondorioz sortu ziren itxura urdinxkako hodeien behaketekin piztu zen.
Bjerkness-ek, atmosferan zehar ebakidura bertikalak eginez, maila desberdinetan haize geostrofikoa kalkulatu zuen 1933an, eta ondorioztatu zuen ezen troposfera goialdean haize gogorrak behar zutela ibili, batez ere mendebalekoak (edo zonalak).
Rossbyk, abiadura maximoa aurkitua zuen 1936an Golkoko itsas korrontean, 1 m/s ingurukoa; eta hark ere susmoa zuen haizeak troposfera goialdean hartzen zuela abiadura maximoa (jet korrontea). Garai hartan ezin izan zuen egiaztatu, goialdeko haize-mapa erabilgarri bakarrak, 3.000 m arteko altuera hartzen baitzuen soilik.
1940k lehenengo urteetan, Europa gainetik 9000 metrotara bonba-hegazkinek abiadura handiko haizeen berri eman zuten, askotan hegazkinen abiadura bera ere gainditzen zuten haize gogorrak.
1945ean Japonian ziharduten piloto estatubatuarrek 250 korapiloko abiadurako jet korronteak aurkitu zituzten. Garai horretan irratizunda bidezko behaketak ugaldu egin ziren, hegazkinek erdietsi zezaketen sabaia igortzen; eta horri esker 300 milibareko mapak egin ahal izan ziren hemisferioka, eta haizearen abiadura maximoak ikusi ziren, itxura batean bata bestearekin inolako zerikusirik ez zutenak eta tarteka ipar-hemisferio osoa inguratzen zuen zerrenda estu bat osatzen zutenak.
Rossbyk eta Chicagoko Unibertsitateko bere lankideek fluidoen dinamikarekiko antzekotasunez, "jet stream" (jet korronte) deitu zieten troposfera goialdean behaturiko haizekada maximo bakoitzari. Izendapen hori ia denek onartu dute.
Rossbyk egindako ikerketak iraun zuen artean hiru jet korronte mota berezi ahal izan zituen:
-
Jet korronte mota bat eremu epeletako depresioei lotuta dago, eta 500 milibaretara behaturiko tenperatura-gradienterik gorenarekin lotuta egoteagatik, "fronte polarreko jet korronte" izena eman zitzaion.
-
Beste jet korronte mota bat 25 edo 50 milibaretara sortzen da, neguan; urrian hasten da garatzen eta intentsitaterik handiena urtarril edo otsail aldera erdiesten du, martxoan erabat desegin arte. Korronte mota hori Zirkulu Artikoan zehar mugitzen da, eta "gau polarreko jet korrontea" deitu ohi zaio.
-
Azkenik, 200 milibare (neguan) eta 100 milibare (udan) artean garatzen den jet korrontea dugu; normalean ipar latitudeko 25 eta 30ºren artean sortzen da, eta "jet korronte subtropikal" deitzen zaio.
|