Haize ez oso gogorra, lokala eta txandaka jotzen duena, eguzkiaren erradiazioaren eragina lekua batean eta bestean berdina ez delako tenperatura-gradientean alternantziak izaten diren lekuetan jotzen duena.
Itsas eta lehorreko brisak kostaldean izaten ohi dira. Egunez Lurra gehiago berotzen denez, haizeak itsasotik lehorrerantz jotzen du (itsas brisa) kota baxuetan. Gauez, aldiz, itsasoak lurrak baino tenperatura altuagoa mantentzen du (uraren bero espezifikoa handiagoa baita), eta hortaz, lehorreko haize gozoak (terralak) itsasorantz jotzen du.
Haran eta mendi-brisek antzeko zikloa izaten dute, egunez harana berotu eta airea mendietarantz igotzen baita; eguzkia ezkutatutakoan mendiak hoztu, eta aire hotza mendi-hegaletan behera haranetara jaisten da.
Brisa mota garrantzitsuenen artean, itsas brisa aipatu beharra dago. Brisa mota horrek arratsaldean hartzen du indarrik gehien, itsasotik haize dezente hotzagoak, beroago dagoen lehorrerantz jotzen duenean, eguzkiaren berotasunaren eta konbekzioaren eraginez lehorraren gainean behe-presio bat dagoenean.
|