Titularra: Javier Mariano Landeta Garcia
1.– Telekomunikazioak eta Sistema Informatikoak Kudeatzeko Zuzendaritzari dagokio segurtasun publikoko jardueretarako baliabideak planifikatu, kudeatu eta mantentzea. Horretarako, egiteko hauek ditu:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoari dagokionez, segurtasunaren esparruko informazio- eta komunikazio-sistemen programak eta planak proposatzea, Segurtasuneko sailburuak onar ditzan.
b) Segurtasun Sailaren segurtasun publikoko jardueretarako informazio- eta komunikazio-sistemetan egin beharreko inbertsioak planifikatzea, eta horiek koordinatu, gainbegiratu, ebaluatu eta kostuak aztertzea.
c) Segurtasun Komunikazioen Sare Ofiziala, bai eta segurtasun-jardueretarako gisa horretako gainerako tresnak eta sistemak ere, planifikatu, diseinatu, kudeatu eta mantentzea.
d) Segurtasun Sailburuordetzaren jarraibideak kontuan hartuta, proposatzea euskal administrazioen segurtasun publikoko zerbitzu guztiek hartu behar dituzten informatika- eta komunikazio-arloko estandarrak, horien bidez datuak transmititzeko eta gorabeherak eta baliabideak kudeatu eta bideratzeko.
e) Segurtasunaren arloko informazio- eta komunikazio-sistemak estandarizatu eta homologatzea.
f) Datu-prozesuen teknikak eta datu-kodetze eta -egituren teknikak aztertu eta garatzea, Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentrotik ezarritako jarraibideak eta protokoloak aintzat hartuta.
g) Segurtasun publikoaren euskal sistemarekin lotutako egitekoak betetzeko behar diren informazio- eta komunikazio-sistemak eskuratu eta mantentzea, bai eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak bere funtzioak egiteko eskatzen dituenak ere, akademiak berak finantzatu ostean.
h) Komunikazioetan segurtasun-zerbitzuak ematea, bai teknikoak bai administratiboak, teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez.
i) Segurtasun Administrazioaren zerbitzuen informatizazio- eta digitalizazio-proiektuak egikaritzea, zeinak interes estrategikokoak izango baitira.
j) Segurtasun Sailarenak diren eta segurtasun-jarduerekin loturik dauden informatika- eta telekomunikazio-instalazioen mantentze-lana egitea.
k) Eusko Jaurlaritzatik bultzatutako konbergentzia-prozesuetan parte hartzea, informatika- eta telekomunikazio-sistemei dagokienez.
l) Beste administrazio batzuekin hartutako konpromisoen ondorioz sortu diren programak eta proiektuak egikaritzeko prozesua kontrolatu eta koordinatzea, bere eskumenekoak diren gaietan.