Euskalmet - euskal meteorologia agentzia

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude::
  1. Hasiera
  2.  
  3. Euskadiko klimatologia
 
Bereziak / Especiales

Euskadiko klimatologia

  • Klimaren Araberako
    lurraldeen Sailkapena

Klimaren Araberako lurraldeen Sailkapena

Euskal Herria ez du klima aldetik eskualde homogeneo bat osatzen. Azaletik hiru alderdi bereiz daitezke:

  • Isurialde atlantikoa, iparraldean
  • Erdialdeko Euskal Herria
  • Hegoaldekoa, Ebroko erribera eta Arabako Errioxa.

 

Isurialde atlantikoa:

Isurialde atlantikoan Bizkaia, Gipuzkoa, ipar Euskal Herria oso-osorik, eta Arabako iparraldea sartzen dira; klima mesotermikoa du, tenperaturei dagokinean nahikoa moderatua, eta prezipitazio aldetik oso euritsua. Urtaro lehorrik gabeko klima epel hezea edo klima atlantikoa deitzen zaio. Klima horretan ozeano Atlantikoak eragin nabarmena du, jakina. Aire-masak, ozeanoko ur epelen gainetik igarotzean epelduta iristen dira itsasertzera, eta, hortaz, gaueko eta eguneko tenperatura-bitarteak edo-eta udako eta negukoak ez dira oso handiak. Eta euri kopuru handia, ostera, urteko batez besteko prezipitazioa 1.2000 mm eta 2.000 mm artekoa baita, Euskal Herriko isurialde atlantikoko orografiak eragiten du.

 Tenperaturei dagokienean, azpimarratu beharra dago nahiko moderatuak direla, eta hori batez ere neguan ikusten da, tenperaturak nahiko goxoak baitira. Horrela, bada, udak oso beroak ez diren arren, itsasertzean erregistratu ohi dira Euskal Herriko urteko batez besteko tenperaturarik altuenak, 14ºC inguru. Udak freskoak diren arren, inoiz bero zakarreko gertaera laburrak ere izaten dira, eta tenperatura 40ºC-ra ere iristen da, batez ere udan.

Erdialdea:

Euskal Herriko erdialdeak edo trantsizioko eskualdeak, Arabako zati handi bat hartzen du; klima ozeanikoaren eta klima mediterraneoaren arteko trantsizioko zona bat dugu, baina klima ozeanikoaren ezaugarriak gailentzen dira, ez baita benetako uda lehorrik izaten.

  1. Klima subatlantikoa:
    Araba mendebaldeko haranak eta Arabako Lautadan du eragina; klima atlantikoa izaten jarraitzen du, baina isurialde atlantikoan baina prezipitazio gutxiago izaten da.
  2. Klima submediterraneoa:
    Hegoalderago, Trebiño eta Arabako mendialdea hartzen dituen eremu batean, klima mediterraneoa gailentzen hasten da; hau da, klima epela, uda beroago eta lehorragoarekin, eta urteko batez besteko euri moderatuekin.

Hegoaldea: 

Euskadi hegoaldean, Arabako Errioxak hartzen duen Ebro ibaiaren sakonunean, uda nabarmen lehorra eta beroa duen klima mediterraneoa gailentzen da. Normalean, neguak nahiko hotzak eta prezipitazio gutxikoak izaten direnez, barrualdeko klima mediterraneo edo klima mediterraneo kontinental ere deitu izan zaio.
Eskualde horretan, itsasoaren eragina ia nabaritzen ez denez, urtaro batetik besterako tenperatura-bitarteak nahikoa garrantzitsuak dira. Udan zenbait hilabetetako batez besteko tenperaturak 22ºC-ren gainetik ibili ohi dira, eta neguan, tenperatura baxuek izotza ekartzen dute eta lainoa errazten.

Plubiometriari begiratuz gero, klima mediterraneoan bezala, udako hilabeteetan 30 mm baino gutxiagoko prezipitazioak izan arren, ez da klima mediterraneoan gertatu ohi den bezala udako hilabete lehorren eta gainontzeko hilabete euritsuagoen arteko bereizketa nabarmenik ikusten; hileko batez besteko prezipitazioak beti izan ohi dira nahiko urriak, eskuarki 50 mm baino baxuagoak, eta hilabete batetik bestera alde handirik gabe, gainera. Beraz, nahiko klima kontinentalizatua dela esan daiteke, nahiz eta klima mediterraneoaren barruan sartu.

Euskadi, auzolana