Euskalmet - euskal meteorologia agentzia

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
Bereziak / Especiales
TERMINOLOGI GIDA


HODEITZAIKUSPENA | PREZIPITAZIOA | EKAITZAK
TENPERATURAHAIZEA | ENBATA | ITSASOAREN EGOERA
PROBABILITATEABANAKETA ESPAZIALA | DENBORA TERMINOAK | BESTE DEFINIZIOAK 

HODEITZA [orrialde honen hasierara]

Hodeiek estalitako zeru-zatiari esaten zaio; hodei horiek edozein genero, espezie, barietate edo altuerakoak izan daitezke.

Hodei-oina zein altueratan dagoen kontuan izanik, bi talde handitan banatu ohi dira hodeiak: behe-hodeiak, batetik, eta erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak, bestetik. Sailkapen hori garrantzitsua da, behe-hodeiek zerua ilundu egiten baitute eta prezipitazioa eragin baitezakete; eta erdi mailako hodeiek eta goi-hodeiek, aldiz, gehienetan, eguzki-izpiak igarotzen uzten dituzte eta ez dute prezipitaziorik eragiten. Hona hemen talde bateko eta besteko hodeiak bereizteko erreferentziatzat hartzen diren hodei-oinaren altuerak:

Behe-hodeiak: lurrazaletik 2.000 metrora

Erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak: 2.000 metrotik 13.000 metrora


Hodeiek hartzen duten zeru-zatiaren arabera, zeru-sabaia zortzi zatitan banatuta, honako termino hauek bereizten dira:

Oskarbi edo hodei gutxi: [0,1/8]

Partez hodeitua: (1/8,4/8]

Hodeitsu: (4/8,5/8]

Oso hodeitsu: (5/8,7/8]

Estalia: (7/8,8/8]


Zeru estaldurari buruz xehetasun gehiago ere eman daiteke:

Zeru estaldura aldakorra: termino hori zeruaren bilakaera garbi ikusten ez denean erabiliko da; hau da, ia ezinezko gertatzen denean, oskarbi edo hodeitsu noiz eta zenbateraino egongo den esatea.

Bero-hodeiak: eguerdi partean, lurzorua berotzen denean, eratzen diren hodeiak dira; ilundutakoan desegin egiten dira atzera.

Behe-estratuak: oina lurrazaletik oso hurbil duen lainoari edo behe-hodeiei esaten zaie.

Hodei itsatsiak: orografiaren eraginez, leku berean denbora luzez geratzen diren behe-hodeiak dira (gehienetan kostaldean edo mendialdean.


 

IKUSPENA [orrialde honen hasierara]

Behatzailea dagoen plano horizontalean kokaturiko objektu bat ikusia eta identifikatua izan daitekeen distantzia handiena. Termino honek balio subjektibo handia du.

Lanbroa: ur-tanta mikroskopikoen edo zatiki higroskopiko bustien aireko suspentsioa. Lanbroa denean, ikuspena 1 km eta 5 km artekoa da, eta hezetasun erlatiboa % 70 edo gehiagokoa.

Lainoa: ur-tanta oso txikien aireko suspentsioa, lurrazaleko ikuspen horizontala kilometro bat baino gutxiagora murrizten duena. Ikuspena 200 m baino gutxiagokoa bada, orduan, laino itsua terminoa erabiliko da.

Lainoguneak: ehundaka metro batzuetako azalera txikian hedatzen den lainoa, oro har baldintza lokalengatik..

Goiz-lainoa: goizeko lehenengo orduetan eratzen da, baina, oro har, goizaren erdi alderako desegin egiten da.

Hauts-gandua: partikula guztiz txiki eta lehorren aireko suspentsioa; ikuspena 1-5 km-ra murrizten du, eta hezetasun erlatiboa ez da % 70era iristen.

Hauts esekia: hauts edo hondar-ekaitz batek edota aire-korronte batek lurretik jasotako hauts edo hondar partikula txikien aireko suspentsioa.


 

PREZIPITAZIOA [orrialde honen hasierara]

Hodei batetik edo hodei-multzo batetik jausi eta lurreraino iristen den hidrometeoroa, ur-partikula likido zein solidoz eratua.

Prezipitazio mota hauek bereizten dira:

Zirimiria: prezipitazio nahiko uniformea, elkarren kontra oso hurbil dauden ur-tanta oso txikiz (0,5 mm baino diametro txikiagokoz) osatua.

Euria: ur likidozko zatikien prezipitazioa (tantak 0,5 mm baino diametro handiagokoak izan behar dute edo, diametro txikiagokoak badira, oso sakabanatuta etorri behar dute).

Zaparrada: hodei konbektiboen prezipitazio zakar eta laburra.

Elurbustia: erdi urtutako elurra edo elurra eta euria nahasita dauzkan prezipitazioa.

Elurra: izotz-kristalezko prezipitazioa, kristal gehienak adarkatuak dituena.

Txingorra: izotz-ale edo koskorren prezipitazioa; aleek 5-50 mm-ko diametroa dute (inoiz handiagoa ere bai), eta bananduta edo mordo irregularretan pilatuta erortzen dira.


Prezipitazioaren intentsitatea denbora unitateko erortzen den prezipitazio-kopurua da. Intentsitate-kategoriak aldatu egiten dira prezipitazio-motaren arabera:

Txikia: (0,2] mm/h euria edo zaparrada bada; < 2 cm/h elurra bada.

Ertaina: (2,15] mm/h euria edo zaparrada bada; < (2,10 cm/h] elurra bada.

Handia: (15,30] mm/h euria edo zaparrada bada; > 10 cm/h elurra bada.

Oso handia: (30,60] mm/h (euriaren eta zaparradaren kasurako soilik erabiliko da).

Euri-jasa: > 60 mm/h (euriaren eta zaparradaren kasurako soilik erabiliko da).


Pilaketa denbora-tarte jakin batean eroritako prezipitazio-kopurua da; kasu honetan 24 orduko tartea hartu da. Elurraz dihardugularik, pilatutako lodieraz mintzatuko gara.

Gutxi: < 10 mm/24h euria edo zaparrada bada; < 5 cm/24h elurra bada.

Ugari: [10,30] mm/24h euria edo zaparrada bada; [5, 15] cm/24h elurra bada.

Oso ugari: > 30 mm/24h euria edo zaparrada bada; > 15 cm/24h elurra bada.

Elur-maila: aztergai den eremuan elurra mamitzeko altitude baxuena.

 

TRUMOI-EKAITZAK [orrialde honen hasierara]

Bat-bateko atmosferako deskarga elektriko bat edo gehiago argi pirrinta eran (tximista) eta soinu supituko edo burrunbatsu gisa (trumoi) nabaritzen dena.

Intentsitatearen arabera, hiru motatako ekaitzak bereizten dira:

Trumoi-ekaitz ahulak: ez dute deskarga elektriko ugari eragiten (10 minutuan 10 baino gutxiago) eta ez dute txingorrik ekartzen.

Trumoi-ekaitz ertainak: deskarga elektriko ugari eragiten dute (10 minutuan 10 baino gehiago) edota txingor-ale txikiak (1 cm -ko diametroa baino txikiagokoak).

Trumoi-ekaitz gogorrak: ia etengabeko deskarga elektrikoak eragiten dituzte, 60 km/h-ko abiadura baino handiagoko haize-boladak edo txingor-ale handiak (1 cm-ko diametroa baino handiagokoak).


 

TENPERATURA [orrialde honen hasierara]

Airean jarrita eta eguzki-erradiazio zuzenetik babestuta dagoen termometroak adierazten duen balioari esaten zaio.

Tenperaturak, maximoak nahiz minimoak, egun batetik bestera mantendu, igo edo jaitsi egin daitezke. Tenperaturaren aldaketa hori zenbatekoa den kontuan izanik, honako tenperatura-joera hauek bereizten dira:

Asko igo: igoera > 6 ºC

Nabarmen igo: 4 < igoera <= 6 ºC

Nahikoa igo: 2 < igoera <= 4 ºC

Gutxi igo: 1 < igoera <= 2 ºC

Aldaketarik ez: aldaketa <= 1 ºC

Asko jaitsi: jaitsiera > 6 ºC

Nabarmen jaitsi: 4 < jaitsiera<=6 ºC

Nahikoa jaitsi: 2 < jaitsiera <= 4 ºC

Gutxi jaitsi: 1 < jaitsiera <=2 ºC


Tenperatura 0 ºC-koa edo baxuagoa bada,izotza izango dugu; tenperatura tartearen arabera hirutan banatzen da:

Izotz txikia: baldin 0 => T > -4 ºC.

Izotz handia: baldin -4 =>T > -10 ºC.

Izotz gogorra: baldin T <= -10 ºC.


Bat-batean igo eta bat-batean jaitsi terminoak 10-30 minutuko tartean 7-10 ºC-ko aldaketak espero direnean erabiliko dira.

 

HAIZEA [orrialde honen hasierara]

Airearen lurrazalarekiko mugimendu horizontala da haizea. Haizearen norabidea eta abiadura zehaztu ohi dira.

Norabideari begiratuz gero, eta haize-arrosari jarraikiz, zortzi norabide bereizten dira

Iparraldea (N): [0º, 22,5º] U (337,5º, 360º]

Ipar-ekialdea (NE): (22,5º, 67,5º]

Ekialdea (E): (67,5º, 112,5º]

Hego-ekialdea (SE): (112,5º, 157,5º]

Hegoaldea (S): (157,5º, 202,5º]

Hego-mendebaldea (SW): (202,5º, 247,5º]

Mendebaldea (W): (247,5º, 292,5º]

Ipar-mendebaldea (NW): (292,5º, 337,5º]


Haizearen norabidearen oszilazioa 45º baino handiagoa bada, honela sailkatzen da:

Ipar-osagaia: NW eta NE artekoa

Eki-osagaia: NE eta SE artekoa

Hego-osagaia: SE eta SW artekoa

Mendebal-osagaia: SW eta NW artekoa


Haizearen norabideak, sarri-sarri 90º baino gehiago banandutako norabideen artetik jotzen duenean, haize aldakorraz mintzatuko gara.

Haizearen abiadura definitzeko bi balio hartu ohi dira aintzat: batez besteko abiadura eta haize-bolada (aldiuneko abiadura maximoa). Haize-bolada, esanguratsua denean soilik aipatuko da, hau da, oro har, 40 km/h-ko abiadura gainditzen duenean. Haizearen abiadura, nahiz batez bestekoa, nahiz haize-boladarena, honako irizpide hauen arabera sailkatu eta izendatuko da:

Barealdia: <= 5 km/h

Ahula: (5, 20] km/h

Bizia: (20, 40] km/h

Gogorra: (40, 70] km/h

Oso gogorra: (70, 120] km/h

Bortitza: > 120 km/h


Egunez lurraren eta itsasoaren tenperaturen arteko aldeak eragindako haizea izendatzeko, brisa terminoa erabili ohi da.

 

ENBATA [orrialde honen hasierara]

Enbata kantaurialdeko fenomeno tipiko bat dugu: haizearen bat-bateko aldaketa da, mendebalera edo ipar-mendebaldera egiten duena, nabarmenki indartuz. Gainera, tenperaturaren bat-bateko beherakada eta presioaren eta hezetasun erlatiboaren bat-bateko gorakada eragiten ditu.

Enbata, eragiten dituen haizeen abiaduraren arabera, honela sailkatzen da:

Ahula: v1 < 40 edo v2 < 60

Ertaina: 40 <= v1 < 70 edo 60 <= v2 < 90

Gogorra: v1 >= 70 edo v2 >= 90

v1= intentsitaterik handieneko uneko batez besteko abiadura (km/h); eta v2= haize-boladaren abiadura maximoa (km/h).

 

ITSASOAREN EGOERA [orrialde honen hasierara]

Olatuen ezaugarriak kontuan hartuz definitzen da itsasoaren egoera, eta batez ere olatuaren altuera da ezaugarririk aipagarriena. Olatuak haizeak eraginda sortzen dira. Haizearen abiaduraz aparte, kontuan hartzeko beste eragile batzuk hauek dira: haizea indarrean dabilen denbora eta helmena (fetch). Itsasoaren egoera definitzeko egonkortasun baldintza hauxe da: haizea norabide berdinean denbora nahikoa ibiltzea eta helmena ere behar adina izatea.


Olatuen tankera 3 eratakoa izan daiteke: haize itsasoa, hondoko itsasoa eta itsaso nahasia.

Haize itsasoa: Haizea dabilen zonaldean sortzen diren olatuak dira. Olatu irregularrak dira.

Hondoko itsasoa: Olatuak sortze zonaldetik kanpo hedatzen direnean gertatzen da. Olatu hauek erregularrak dira.

Itsaso nahasia: Zonalde batean haize itsasoak eta hondoko itsasoak sorturiko olatuak nahasten direnean gertatzen da, olatu hauek norabide ezberdinak izanik.


Douglas eskalaren arabera, itsasoaren egoera adierazteko graduak hauek dira:

Itsaso barea: 0 metroko olatuak

Itsaso kizkurra: 0,1 metro baino olatu txikiagoak.

Itsaskirria: 0,1 eta 0,5 metro bitarteko olatuak

Itsaskia: 0,5 eta 1,25 metro bitarteko olatuak.

Itsaski handia: 1,25 eta 2,5 metro bitarteko olatuak.

Itsaso zakarra: 2,5 eta 4 metro bitarteko olatuak.

Itsaso oso zakarra: 4 eta 6 metro bitarteko olatuak.

Itsaso handia: 6 eta 9 metro bitarteko olatuak.

Itsaso oso handia: 9 eta 14 metro bitarteko olatuak.

Itsaso izugarria: 14 metro baino olatu handiagoak

Haizeari dagozkion terminuak itsasoan:

aldatu: Haizea norabide batetik bestera pasatzen denean erabiliko da.

zakartu: Beaufort eskalan oinarriturik, haizearen indarra gradu bat edo gehiago igotzen denean erabiliko da.

baretu: Beuafort eskalan oinarriturik, haizearen indarra gradu bat edo gehiago jaisten denean erabiliko da.

 

PROBABILITATE TERMINOAK [orrialde honen hasierara]

Probabilitate txikia: fenomeno bat gertatzeko probabilitatea % 10 eta % 40ren inguruan dabilenean erabiliko da.

Probabilitate  handia: fenomeno bat gertatzeko probabilitatea % 40-70ren inguruan dabilenean erabiliko da.

Probabilitatea % 10ekoa baino txikiagoa denean, fenomenoa ez da aipatu ere egingo; eta % 70 baino handiagoa denean, berriz, ziur tzat iragarriko da.

 

BANAKETA ESPAZIALEKO TERMINOAK [orrialde honen hasierara]

Han-hemenka: fenomenoak lurraldearen % 10-30 eragitea espero denean erabiliko da.

Leku gehienetan: fenomenoak lurraldearen % 60 baino gehiago eragitea espero denean erabiliko da.

Lurraldearen % 30-60 tarterako ez da terminorik erabiliko.


 

DENBORAREN INGURUKO TERMINOAK [orrialde honen hasierara]

Fenomeno baten iraunkortasunari buruzko terminoak:

Noizean behin: fenomenoak iragarpen-epearen % 30 baino gutxiago irautea espero denean erabiliko da.

Iraunkorra: fenomenoak iragarpen-epearen % 60 baino gehiago irautea aurreikusten denean erabiliko da.

Gainontzekoetan, ez da fenomenoaren iraunkortasunari buruzko ezer aipatuko.


Fenomeno baten maiztasunari buruzko terminoak:

Aldizka: fenomenoa denbora-tarte txikitan eteten denean, eta fenomenoaren iraupena, guztira, % 50aren ingurukoa denean.

Etengabe: fenomenoa ia eteten ez denean, eta iraupena guztira % 80 baino gehiago luzatzen denean.


Haizearen norabidea aldatzen denean aldatu adierazpidea erabiliko da. Aldakorretik norabide jakin batetik jotzera igarotzen bada, ostera, gelditu.


Haizearen abiadura denbora-tarte txikitan aldatu egiten bada, noizbehinka terminoa erabiliko da, eta aldaketa horrek gehiago irauten badu, tarteka terminora joko da.

Haizeak indar handiagoa hartzen badu, indartu egingo dela esango dugu, eta alderantziz gertatzen bada, ahuldu egingo dela.Haizearen indarra bi sailen artean dabilenean, hitz elkarketara joko da; esate baterako, ahul-bizia.


 

BESTE DEFINIZIO BATZUK [orrialde honen hasierara]

Kostaldea: itsasbazterreko zona eta herriak.

Barnealdea: itsasbazterrekoa ez dena.

Mendi ingurua: inguruko haranak baino 300-500 m altuago dauden zonak.

Eguna: 00:00etatik 24:00etara.

Goizaldea: 00:00etatik 6:00etara.

Goiza: 06:00etatik 12:00etara.

Eguerdia: 12:00etatik 15:00etara.

Arratsaldea: 12:00etatik 18:00etara.

Gaua: 18:00etatik 24:00etara.

Goizean goiz: 06:00etatik 8:00etara.

Azken orduak: 20:00etatik 24:00etara.

 

Azken eguneratzea: 2009/06/22
Euskadi, auzolana