Euskalmet - euskal meteorologia agentzia

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
  • Eguraldiaren iragarpena
  • euskoos
Jarraiguzu:
  • Twitter-era esteka
  • YouTube-ra esteka

Euskadiko klimatologia

Urtaroak eta Lurraldeak / Udaberria

Neguaren hastapena oso garbi ez dagoen legez, negutik udaberrirako aldaketa ere ez da beti egun beretan iristen. Isurialde atlantikoan negua luzea da, eta batzuetan udaberriko ekinokzio astronomikoa, hau da, martxoaren 21a igaro, eta artean aste batzuk gehiago luzatzen dela dirudi. Apirilaren erdialdera arte ez da batere harritzekoa Euskadin elurra dakarten aire-masa polarrak sartzea, eta izotza egitea, baita kostaldean ere. Barrualdean apirilean izotza egitea ia urteroko kontua da, berriz. Egia esan, udaberri osoan zehar izan ohi dira eguraldi arras freskoko egunak.

Gainera, Euskal Herri osoan udaberria oso euritsua da, iraupenaren aldetik gehiago, intentsitatearenetik baino. Apirila da euri-egun gehien dituen hilabetea. Udaberri oso heze eta luzeetako urteetan, badirudi neguaren atzetik zuzenean heltzen dela uda, inolako tarterik gabe. Barrualdean gauzak oso bestelakoak dira. Udaberria nabarmenagoa izan ohi da, intsolazio-orduak gehitzean, asko nabari baita hilabetetik hilabetera tenperatura nola igotzen den eta nola uzten dion izotza egiteari.

Hemen ere udaberria euritsua da, baina ez neguan bezain iluna, ez eta gutxiago ere. Eguna, eguzki-orduekin batera, nabaritzeko moduan luzatzen da. Maiatzean, leku guztietan, urtarrileko eguzki-orduen halako bi izaten da. Euskal Herrian ere bada udaberririk, eta bestela, gero eta gehiago luzatzen den eguzkiari eta euri ugariari eskerrak emanez inon diren berde guztiak erakusten dizkiguten landare oparo horiei begiratu besterik ez dugu.

Euskadi, auzolana