Euskalmet - euskal meteorologia agentzia

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
  • Eguraldiaren iragarpena
  • euskoos
Jarraiguzu:
  • Twitter-era esteka
  • YouTube-ra esteka

Meteorologiako oinarrizko ezagutza

Atmosferaren Profil Bertikala

Eguzkiaren erradiazioaren eraginez lurrazala egunero berotu eta hozteko zikloaren, eta batetik eta bestetik datozen aire-masak nahastearen ondorioz, airearen tenperaturaren balioa aldatua egiten da altueraren arabera. Eta aldaketa horrek badu zer esanik atmosferak aire-mugimendu bertikalak abiarazteko edo galarazteko orduan.

Oro har, atmosfera egonkor, mugimendu bertikalak galarazten dituen atmosferari esaten zaio; eta, atmosfera ezegonkor, horrelakoak ugaltzen dituenari. Atmosfera neutrotzat jotzen da, mugimendu horiek ez galarazi, ez ugaltzen dituenari.


Egonkortasun bertikala:

Egonkortasun bertikala, atmosferaren profil adiabatikoaren eta profil errealaren arteko erlazioaren baitan dago. Bertikalean era adiabatikoan mugitzen den aire-burbuila lehor bat kilometroko 10 ºC hoztu edo berotzen da. Hiru maila bereizten dira: egonkorra, neutroa eta ezegonkorra.

Irudia handituIrudia handitu

Figura ESTABLE(a)                                            Figura INESTABLE(b)

Begiratu irudiei: lerro lodiek atmosferaren tenperaturaren profil erreala adierazten dute, eta lerro etenak, lehen A puntuan (profil adiabatiko lehorrean) egongo litzatekeen burbuila batek bertikalki mugitutakoan jarraituko lukeen profila.

(a) kasuan, burbuilak gora egingo balu, haren tenperatura ingurukoa baino baxuagoa izatera helduko litzateke, eta, hortaz, berriro jaitsi egingo litzateke, A-rantz, hura baino dentsoagoa gertatuko bailitzateke. Era berean, burbuilak behera egingo balu, burbuilaren tenperatura ingurukoa baino altuagoa izatera iritsiko litzateke, eta, hortaz, atzera A-rantz itzuliko litzateke, inguruan izango lukeen aireak baino dentsitate baxuagoa izango bailuke. Irudi horrek, beraz, airearen mugimendu bertikalak galarazteko joera duen profil bertikal EGONKORRA islatzen dute.

Profil egonkor batean, airearen tenperatura altuerarekin batera igotzen denean, tenperaturaren inbertsioa gertatu dela esan ohi da. (b) kasuan, eta arestian erabilitako arrazoibide berari eutsiz, garbi ikus daiteke burbuilaren mugimendu bertikalak ugaldu egiten dituela egoera horrek, goran dagoenean, inguruko airea baino arinagoa delako, eta beheran dagoenean, berriz, dentsoagoa delako. Egoera EZEGONKOR baten aurrean gaude. Ezegonkortasun handia eragiten duten baldintza horiek gorako haizekada gogorrak eragiten dituzte, eta gorako haizekada horiekin ur-lurruna kondentsatu, eta azkenik erasotzeko moduko tamaina hartuko duten ur-tantak osatzen dira.

Atmosferaren profil erreala bat badator tenperaturaren aldaketa adiabatikoarekin, profil NEUTROA dugula esango dugu.


Prozesu adiabatikoak:

Airearen mugimendu bertikalak flotagarritasunaren baitan daude, eta burbuila baten flotagarritasuna, inguruko airearen dentsitatearekiko burbuila horrek duen dentsitatearen baitan dago. Airearen dentsitatea ia konstantea den arren, dentsitate hori asko aldatzen da tenperaturaren arabera; airea gero eta hotzagoa, orduan eta dentsitate erlatibo handiagoa, eta, hortaz, behera erortzeko joera handiagoa; aire beroarekin, jakina, guztiz kontrakoa gertatzen da.

Bertikalki higitzen den aire-burbuila batek presio aldaketa azkarrak nozitzen ditu, eta horri erantzuteko burbuilaren bolumenak edo-eta tenperaturak ere aldatu egin behar dute aldi berean. Burbuila horrek bere inguruarekin kondukzio edo erradiazio bidez egiten duen bero-trukaketa oso motela baldin bada, eta errealitatean hala jazo ohi da, orduan tenperatura-aldaketa ia erabat bolumen aldaketari zor zaio.

Aire-burbuila baten eta bere inguruaren artean ia bero-trukaketarik gertatzen ez den prozesu idealari, prozesu adiabatiko esan ohi zaio. Aireak normalean ura izan ohi duenez, uraren fase aldaketetan bero sorra trukatu ohi denez, prozesu adiabatikoen artean bi mota bereizten dira :

  1. Prozesu adiabatiko lehorra: Prozesu horretan urak ez du fase-aldaketarik izaten.
  2. Prozesu adiabatiko hezea: Uraren fase-aldaketak eragiten dituena.

Prozesu adiabatiko heze batean, presioz aldatzen den burbuila baten fase-aldaketek, bero sorra bero sentigarri bihurtzen dute, eta alderantziz. Hau da, kondentsazioarekin, askatutako bero sorrak burbuila berotu egiten du, eta tenperatura igoarazten dio, eta, hortaz, jaitsiera ez da prozesu adiabatiko lehor batean bezain azkarra. Lurrunketan, bero sorrak burbuila prozesu adiabatiko lehorrean baino azkarrago hozten du. Prozesu adiabatikoetan tenperaturaren igoera eta jaitsiera kondentsatu edo lurrundu gabe dagoen uraren baitan dago, eta, beraz, kontua ez da, adiabatiko lehorretan bezala, altueraren araberakoa soilik.

Euskadi, auzolana