Euskalmet - euskal meteorologia agentzia

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
  • Eguraldiaren iragarpena
  • euskoos
Jarraiguzu:
  • Twitter-era esteka
  • YouTube-ra esteka

Euskadiko klimatologia

Osagai Klimatikoen Azterketa / Haizea

Eskualde geografiko bateko klima, neurri handi batean, jotzen duen haize nagusiaren ondorio da.

Gure herria mendebaleko haize nagusiek zeharkatzen dute. Baina alisioak ez bezala, horiek nahiko era erregularrean jotzen baitute, mendebaleko haizeek meandro bikainak marrazten dituzte, eta hartara, gerta liteke erdialdeko latitudeetako eskualdeetan aldi batean hego edo iparreko aire-korronteek edo-eta, are ekiko kontrakorronteek jotzea.

Neguan, jet korrontea latitude baxu samarretan dabilenean, hau da 30 eta 40 gradu artean, biziki nozitzen ditugu mendebaleko zirkulazioak, depresioek eta hodei-fronteek. Udazkenean eta udaberrian, aire-fluxu horrek indarra galtzen duenean eta uhindunago egiten denean, eguraldia ere aldakorrago egiten da normalean, eta aste batzuetan hegoko korronte epelak iristen diren bezala, hurrengoetan iparreko haize heze hotzek jotzen dute.

Udan, mendebaleko haizeen fluxu nagusiak iparrerantz egiten du eta ahuldu egiten da. Orduan, Europa hegoalde osoan sarri askotan barealdia eta Azoreetako antizikloiek eragindako eguraldi ona izaten da nagusi, eta ipar-ekialderantz ere hedatzen da. Udako egun askotan, Euskal Herria antizikloiaren ekialdean egon ohi denez, ipar-haizea nagusitzen da eta horrek indartu egiten ditu eguneko brisak.

Azaleko haizeak:

Lurrazalaren kontra doanean, erliebeak eta terrenoarekiko marruskadurak, kasu batzuetan haizea bideratu egiten duten arren, normalean abiadura moteldu eta norabidea aldarazi egiten diote.

Haize biziak urriak dira, eta, aldiz, nahikoa sarri izaten dira haize oso gogorrak eta ekaiztsuak, eta horiek dira, hain zuzen ere, haizearen batez besteko abiadura igoarazten dutenak. Horrela, bada, 50km/h-ko abiadura gainditzen duten haize horiek maiztasunean ia % 4ra iristen dira, eta ehuneko hori klima ozeanikoa duten Europako estazio guztietako maiztasun-indizerik altuena da. Neguan, bai iparreko bai hegoko haizeek, udan baino askoz ere gogorrago jotzen dute.

Haize-arrosa zortzitan zatitzen badugu, ipar-haizeak jotzen du sarrien, % 21,4tan, eta ipar-mendebaleko haizeak ondoren, % 17,6. Hala ere, indarrari begiratuz gero ipar-mendebaldeko haizea gailentzen zaio iparrekoari: lehenengoak 20,4 km/h-ko abiaduran jotzen baitu, eta bigarrenak 11,4 km/h-ko abiaduran. Ipar-mendebaldeko haizea haize sinoptikoa dugu, fluxu nagusiek eragindako haizea; eta, aitzitik, ipar-haizea brisa lokalen ondorio izan ohi da gehienetan. Eguneko brisen eraginez, gaueko haizeak, askotan mendebalekoak, ipar-mendebaldera aldatzen dira, eta ipar-mendebaldekoak iparrera.

Hego-haizea haizerik bizkorrena da: 22,1 km/h-ko batez besteko abiadura hartzen du, eta galera handiak sor ditzake teilatu, berotegi, landare eta zuhaitzetan, ekaiztsu jotzen duenean; tamalez sarri antzean.

Kontuan izandako gainontzeko behatokietan haizearen urteko batez besteko abiadura askoz ere txikiagoa da. 10km/h eta 13km/h artean dabil. Herri bakoitzean norabide ohikoena, inguruaren topografiaren baitan dago. Kostaldean negu mineko hilabeteetan jotzen du haizeak gogorren.

Hego-haizea:

Hego-haizeak, berotzeko, lehortzeko eta eguratsa gardenago egiteko ahalmena duen fenomeno hori, Euskal Herriko isurialde atlantikoko klimaren oso ezaugarri tipikoa dugu. Hegoa, presio-mapetan mendebalean depresioa eta ekialdean antizikloia eratzen direnean sortzen da. Isobarak meridianoen paretik edo ia paretik igarotzen dira, hau da, mendien lerrokadurarekiko elkarzut. Beheko aldean, hego aldetik datorren haizea indarrez sartzen da Euskal Herrian, Kantauriko Mendilerroaren eta Pirinioen erliebe altuen erdian pasabide orografiko aproposa sortzen baitu. Iparraldeko isurialdetik behera Bizkaiko Golkoko lautadarantz jaisterakoan, airea, konpresioaren eraginez berotu egiten da, eta lehortu. Hego-haizea edozein urtearotan ager daiteke, baina egia esan, hego-haize gogorrak urri eta azaro inguruan irauten du gehien.

Hego-haizeak ekartzen duen aire epela ez da lehendik dagoen airea bezain dentsoa, eta ondorioz, aire-boltsa hotzenak denboraldi batean haranetan eta terrenoaren zokoguneetan harrapaturik gelditu ohi dira, harik eta gainean mugitzen ari den airearen marruskadurarengatik eta eguneko turbulentziarengatik haizeak berak mugituarazi eta arrastatu arte.

Hego-haizeko egunetan, oso ohikoa da Euskal Herriko zeruan itxura lentikularreko kumulu altuak agertzea, eta bertan geratzen dira, nahiz eta berez aire-korronte bizkorrek zeharkatzen dituzten. Horrelakoetan, hego-haizea edo hego-ekialdeko haize bizia iraunkorra denean, zerua erabat oskarbi agertu ohi da, urdin-urdin. Airearen subsidentziak eta itsasorantza lerratzeak ezinezko egiten dute hautsa eta kea gorantz altxatzea, eta gainera, hezetasun erlatiboa baxua izaten denez, eguratsa garbitu eta koloreak bizitu egiten ditu.

Enbata:

Enbata batez ere Kantauri itsasoko hego-ekialdeko kostaldean jotzen duen haize tipikoa da, eta sarri askotan Kantauri aldeko kostalde osoan nozitzen diren ipar-mendebaldeko ekaitzekin nahastu ohi da. Enbata itsasotik bat-batean sartzen den haize-bolada ekaiztsua da, 8 eta 9 arteko indarra eta 60-85 km/h inguruko abiadura hartzen duena. Bat-batean eta oso zakar agertu ohi da. Une batetik bestera, itsasoa gaiztotu egiten da, eta portuetan zenbait ontziren amarrak apurtu egiten dira. Berehala ezinezkoa da 1.000 metrotik haratago ikustea, eta estratu baxuak sartzen dira lehorrera.

Enbata sortzeko arriskua normalean goizeko tenperatura ohi baino altuagoek iragartzen dute. Goizean termometroak 23 ºC eta 30 ºC-ren inguruan dabiltzanean, eta hori eragingo duen hego-haize zakarrik ez denean, guztiz alderantziz, haize arina dabilenean edo erabateko barealdia denean, nabarmena da enbat-arriskua. Eskualdean ez da ia presio-gradiente isobarikorik, presioa ertaina izan ohi da, ez altua, ez baxua. Zerua oskarbi edo oso hodei gutxirekin agertu ohi da. Ziur aski, enbata lehertze horretan izango du zer-ikusirik Ebroko sakonuean eratu den lurrazaleko aire-masa oso beroa behe-behetik pixkanaka itsasertzeraino iritsi izanak, eta han itsasoko aire freskoz osaturiko masarekin topo egitean sortutako kontraste termiko itzelak. Orduan eguna aurrera doan eran, itsasoko azaleko airea, dentsoagoa baita, bi aire-masak bereizten dituen muga ezegonkor hori hautsi, eta kontinenteko aire-masa horren azpitik lerratu eta barrurantz egiten du. Batzuetan gainera, gerta daiteke mendebaletik aire-fronte hotz bat heltzea, baina ez da beharrezkoa.

Enbatak hasi martxotik eta urrira arte sor daitezke, baina udan maizago izaten dira, batez beste hilean bitan. Orduari dagokionean, eskuarki arratsaldean sortzen da, baina gauean ere izaten dira enbatak.

Euskadi, auzolana