Euskalmet - euskal meteorologia agentzia

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
  • Eguraldiaren iragarpena
  • euskoos
Jarraiguzu:
  • Twitter-era esteka
  • YouTube-ra esteka

Euskadiko klimatologia

Osagai Klimatikoen Azterketa / Tenperaturak

Hileko batez besteko tenperatura bitarteak nahiko garrantzitsu eta esanguratsuak dira. Kostan, hilabete epelenen eta hotzenen arteko aldea 11 ºC edo 12 ºC-ren bueltan ibili ohi da, baina barrualdean 17 ºC edo 18 ºC-ra ere ailega daiteke.
Kostaldeko behatokietan batez besteko tenperaturarik altuenak abuztuan erregistratu ohi dira, uztaileko tenperaturak baino altuxeagoak izan ohi dira-eta; aldiz, hegoalderantz joan ahala, uztailean bero handiagoa egiten du abuztuan baino. Irailak nahikoa gordetzen du udako berotasuna, baina urrira heltzean tenperaturak zakar samar egiten du behera, eta beherakada hori are nabarmenagoa gertatzen da urria amaitu eta azaroan sartzean. Aitzitik, udaberriko trantsizioko igoera, martxotik hasi eta ekainera bitartean, nahiko erregularra da, eta tenperatura pixkanaka igotzen da hilabete batetik bestera igaro ahala.

Hileko batez besteko tenperaturarik baxuenak (1931-1960 epean Bilbo, Gasteiz eta Donostia erregistraturiko batez bestekoak hartu dira kontuan, bai maximoenak, bai minimoenak) behatoki guzti-guztietan abenduan jasotakoak izan dira. Kostaldean 8 ºC-ren gainetik ibili ohi dira; eta barrualdean ostera, 4 ºC eta 6 ºC-ren bueltan. Nahiz eta oso ohikoak ez izan, izozteak ere izaten dira, batipat udazkenean eta neguan.

Tenperatura maximoak eta minimoak:

Eguneko tenperatura maximoak, eskuarki, eguerdiko orduetan erdiesten dira; eta tenperatura minimoak, berriz, gauaren azken orduetan. Horrela, bada, tenperatura maximoek hobeto islatzen dute egunean zehar izandako tenperatura, eta orobat gertatzen da minimoekin gaueko tenperaturari dagokionean. Hilabetez hilabete aztertuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko tenperatura maximoak dezente aldatzen dira. Batez besteko tenperatura minimoak lurralde osoan urtarrilean erregistratzen dira. Aipatu beharra dago, kostaldean nahikoa altuak direla, 4 ºC eta 5 ºC ingurukoak.

Behatoki batean tenperatura-bitarte absoluturik handiena Vitoria-Gasteizen erregistratzen da, minimo absolutuaren eta maximo absolutuaren arteko aldea 60 ºC ingurukoa izan baitaiteke.

Tenperatura maximo absolutuen artean ez dago alde handirik: bai kostaldean, bai barrualdean, 40 ºC-ren bueltan ibili ohi dira. Izan ere, kostaldeko behatokietan oso tenperatura altuak erdiesten baitira, uda partean hego-haizeak jotzen duenean. Halakoetan, Afrikatik datorren aire-masa tropikalak euskal kostalderaino hel daitezke, eta hor beroa are minago gertatzen da hegoaldeko haizeen eraginez. Minimo absolutuei dagokienean, aldeak oso nabarmenak dira; kostatik Arabako Lautadara 8 ºC edo l0 ºC-ko aldea egon baitaiteke.

Izozteak:

Izozte-egunen kopurua, hau da, tenperatura minimoa 0 ºC-tik beherakoa duten egunena, oso parametro klimatologiko interesgarria da, uraren izozte-tenperatura horrek landare askoren bizitza-atalasea mugatzen baitu, neurri handi batean.

Batez besteko izozte-egunen kopuruan alde ederra dago lurralde batetik bestera. Kostaldean ez dira 20 egunetara iristen, baina Bizkaia eta Gipuzkoa barrualderantz eginez gero, izozte-egunen kopuruak ere gora egiten du. Uren banalerroaren beste aldean, Arabako Lautadan aise gainditzen dira 40 izozte-egun.

Lehen eta azken izozte-egunak ere, eta nekazaritzan badute eraginik, aldatu egiten dira batetik bestera. Muturrera joanda, maiatza nahiko aurrera doala ere egin dezake izotza Arabako Lautadan, eta Gasteizen, ekaineko lehen egunetan ere nozitu izan dituzte.

Euskadi, auzolana