Euskalmet - euskal meteorologia agentzia

euskadi.eus

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
  • Eguraldiaren iragarpena
  • euskoos
Jarraiguzu:
  • Twitter-era esteka
  • YouTube-ra esteka

Euskadiko klimatologia

Osagai Klimatikoen Azterketa / Intsolazioa

Leku bateko intsolazioa aztertu ahal izateko, urte oso bat hartu eta hilabete bakoitzean batez beste zenbat eguzki-ordu izan den kalkulatu behar da. Eguzki-orduen kopuruak gutxi gora-behera zenbat energia jaso den jakiteko soilik balio du, eguzki-erradiazio zuzena bakarrik hartzen baita kontuan, eguzki-erradiazio barreiatua kontuan izan gabe; eta gainera, leku batean guztira jasotako energian, badu zerikusirik leku horren begiraldeak eta aldapak, bai eta inguruko erliebeak ere, itzala egin baitiezaioke.

Intsolazioa eta latitudea:

Urtaroko eta urteko batez besteko eguzki-orduak bi faktoreren baitan daude: faktore astronomikoa, Lurrak urtean zehar Eguzkiarekiko duen posizioa alegia, (leku bakoitzaren latitudeak zehazten du hori); eta faktore klimatikoa, inguru bateko hodeitza handiagoa edo txikiagoa izateak erabakitzen du.

Leku baten latitudearen arabera, leku horretan eragiten duten eguzki-izpi zuzenak lapranagoak edo zuzenagoak izango dira, eta laprantasun horrek eragiten ditu, hain zuzen ere, urtaroen arteko desberdintasunak eta egunaren iraupenen artekoak; Euskadin udako solstizioan 15 ordu inguruko eguna izaten dugu, eta neguan 9 ordukoa.

Intsolazioa eta hodeitza:

Hainbat behatokitako hilabete bateko eta besteko intsolazio-orduen kopurua alderatuz gero, ondorio hauek atera daitezke:  iparraldearen eta hegoaldearen arteko intsolazio-gradientea oso garrantzitsua da. Udaberrian eta udan Errioxan Bilbon baino % 33 eguzki-ordu gehiago izaten da. Udazkenean eta neguan ez dago hainbesteko alderik itsasertzeko eta Euskal Herriaren hegoaldeko intsolazioaren artean.

Intsolazioa eta erliebea:

Herrialde baten erliebea bihurgunetsua bada, lurrak egiten dituen itzalguneen ondorioz, gerta liteke egunaren lehen eta azken orduetan, elkarrengandik hurbil dauden lekuen artean intsolazio aldetik desberdintasun handiak izatea. Faktore horrek badu eraginik landareen banaketari dagokionean, batez ere kostaldean. Horregatik, bada, nekazaritzako zenbait jardueratarako, funtsezkoa da aldapan dauden lurrak ze aldetara dauden kontuan izatea.

Gizakiarentzako habitat eroso batek izan behar dituen ezaugarrien artean ere, gero eta garrantzia handiagoa ematen zaio intsolazioari. Baina ez dirudi beti horrela izan denik. Haran-barren ospeletan elkarren kontra altxaturiko eraikinez osaturiko herriak nonahi aurki ditzakegu Euskal Herriko isurialde atlantikoan, intsolazioa hobeto nola aprobetxatu planteatu ere egin gabe.

Euskadi, auzolana